HURRA&BRAVO

ARTISTA PORTADISTA #36: Oier Zuñiga @OierZuniga

·
Aktorea eta pinturan galdutako margolaria dugu geure azaroko artista portadista kuttuna. Oier Zuñigak 'Zaldi Urdina' estreinatu berri du Artedramarekin, antzezlanaren kartel ederra ere sinatu du, baita hurrengo DA!-koa ere bai. Nola ez dugu maiteko, bere lanak estetikoaz gain, konnotazio izugarria badute. Ez galdu elkarrizketa, bere hitzek ere urrea merezi baitute!

Aktorea, margolaria, arriskuan dagoen artista autonomoa… nola bateratzen duzu hori guztia? Malabarismorik bai?

Labanaren ahoan beti. Bizitza bera bezalaxe, beti gaude alde batera edo bestera erortzeko arriskuan, denok egiten ditugu malabarismoak bizirautearen guda honetan. Hala ere, oso modu naturalean bizi dut. Prekarietateak kezkatzen nau noski, baina ez eraikin publiko bateko garbitzaileari baino gehiago. Sortzaileok bizi hautu bat egiten dugu, ohiko roletatik kanpo egon daitekeena eta honek aske izateko aukera ematen digula, didala, uste dut. 

Zerk eraman zintuen arte baten eta bestearen artean dantza egitera? Zein da antzerkia eta ilustrazioaren arteko harremana?

Txikitatik egin dut antzerkia eta oroitzapenak ditudan lehen momentutik orduak pasa ditut margotzen. Hizkuntza artistiko ezberdinak dira pintura eta antzerkia. Alta, ez daude horren urrun nire ustez. Formak, koloreak, mugimendua… bi kasuetan irudien sortzea da oinarrizko inpultsoa. 

Inguratzen gaituen kaosari ulermena bilatu nahi diot. Errealitatea izendatu, konkretatu eta konprenitzeko, beste errealitate paraleloak sortzeko beharra dut, eszenan edo paper zurian. Niretzat arteak funtzio hori baitu; zer garen, nolakoak garen, zer egiten dugun hemen… galdera unibertsal guzti horien bila joatea eta joate horretan ageri diren zalantzak edo kezkak beste batzuekin partekatzea.

Nola egin zenuen aurre ZALDI URDINAren kartela egiteko proposamenari?

Lehenik ilusioarekin. Zaila da zirrara txiki bat eragiten ez dizun zerbaiti aurre egitea. Antzerki obretako irudiak sortzeak badu bere xarma eta konplexutasuna ere. Ez da irudi soil bat. Sormen lan baten pieza izan behar du, gerora ikusiko denaren unibertsoa errepresentatu behar du nolabait. Antzerkiaren misterioa irudikatu.

Zaldi Urdineko pertsonaiak drogek zeharkatuta daude. Drogen erabilera edota kontsumoa historian zehar oso zabala da. Izarrak besarkatu nahi izaten ditugu, ihes egin batzuetan edo bestelako esperientziak bizi. Zaldi dantzari bat ageri da irudiaren zentroan. Baina bere baitan transposizioan dauden ateak, planoak, leihoak ditu. Barnetik giltzapetuta, minez garrasi dagoen gizaki baten hilotza. Neoi argiz azaleratutako tragedia.

Zein da lan eszeniko hau egiteko jarraitu duzuen sormen prozesua? Pixka bat hitz egin badezakezu, espoilerrik gabe noski.

Ideia nagusia hasieratik drogez aritu nahi genuela zen. Justo Arriolaren “A los pies del caballo” liburua habiapuntu hartuta, zaldiak, heroinak, Euskal Herrian utzitako aztarnaz. Mina handiak eragin zituen zaldiak gurean. Antzerkia memoria egin eta min horiek kolektibizatzeko ekintza gisa ulertuz. 

Edozein sormen prozesuk badu bide luzea, dokumentazioa, erreferentzia estetikoak zein edukizkoak bilatu, irudiak edota musikak bildu… Horrela lan egiten dute Artedrama, Axut! eta Dejabu konpainiek. Egonaldi ezberdinak egin ditugu, hastapenean aste betekoak eta azkena 5 aste jarraian elkarrekin sortzen aritu garenekoa. Eta sekretu handirik ez dago. Saiatu, probatu, jarri edo kendu. Antzerkian pinturan bezala, bozetoak egin, pintura gainjarri, urratu, beste testura bat bilatu…eta gutxika zerbait azaleratzen doa. Hor sartu ziren idazleak, gure inprobisazio eta frogetatik ateratakoa ikusi eta hitzetan osatuz. Eta gero musika. Eta gero jantziak. Eta gero argiztapena. Dena osatu arte. Eta guzti hau noski, atzetik datorren produkzio lan itzelarekin; finantziazioa, diru-laguntzak, baliabideak. Guztira bi urteko lana izan da. 

Kolore ilunak erabiltzen dituzu maiz, kollage estiloa gogorazten duten superpozizioak baita konnotazio izugarriko irudi sinpleak ere. Zeintzuk dira zure erreferentziak?

Badut nostalgia puntu bat. Melankoniak seduzitzen ditu nire kezkak. Eta kolore ilunek osotasun handia dutelakoan nago. Oso erabatekoak dira, ezbairik gabekoak. Ehundurek edo testurek, ñabardurak topatzen laguntzen didate. 

Erreferentziak asko dira eta etengabe nago irudiak ikusten eta artista berriak deskubritzen. Bereziki, familia edo korronteak aipatzearren, Espresionismoa, Kubismoa eta Abstrakzioak liluratzen naute. Artista klasikoak aipatu beharrean nago: Picasso, Matisse, Kandinsky… Bereziki Marc Chagal eta Francis Bacon daude nire kutunen artean. Leonora Carrington irudi surrealistak edo Palazueloren pinturaren soiltasunak, plano eta koloreen arteko dialektikak flipatzen nau. Marrazkigintzan bat aipatzekotan Henry Dagner da. Eta beste asko… Hala ere gustatzen zait pentsatzea erreferentzia hauek nonbait geratzen direla nire begien erretinan. Honek nire bidea topatzen lagunduko nauelakoan. 

Zeure instagrama ikusita, argi dago gai sozialak interesatzen zaizkizula: Lorcaren hilketaren irudiak, Europaren bahiketa (klasiko modernoa), “Amaren, guztion etxea” deituriko obra ederra... ¿Nola sentitzen da justizia?

Ematen du edo agerikoa da behintzat garai latzak bizi ditugula justiziaren aldetik. Atzera begiratuta, justizia ez da inoiz justua izan. Egonkortuta dauden botere harremanen menpe dago, gizonen menpe, elizaren menpe, aberatsen menpe… Grezia klasikoko mitoetan aurki ditzakegu justiziaren gaineko kezkak eta kritikak. Shakespearek etengabe jo zuen justiziaren gaia ukitzera. Non hasi edo amaitzen da askatasuna? Hori dago azpian. Eta beti boteredunaren pribilegioetan egonkortzen da askatasuna. 

Mundua antolatzeko eredu krudel eta gaiztoa ez dut maite. Horrek sorrarazten dituen injustiziak izanen ditut beti begi-bistan. Hunkitzen nautelako. Bizi ditudalako. egoera, gertakari eta errealitate horien gainean eraiki behar dira kezkak eta diskurtsoak, aldagai bilakatzeko. Hortik doaz nire marrazkietan ageri direnak. 

Guzti horri ezingo nioke animikoki aurre egin ez banu nire mundu imajinario hori eraikiko. Krudela da batzuetan. Naïfegia bestetan. Batzuetan parez pare begiratu eta besteetan errealitate gozagarriak pausatzen dituena. Baina biziarauten nauena.

Artista portadista gisa, ohiturazko azken galdera: Eska esazu desira bat.

Gauza asko egin nahiko nituzke. Urte pilo bizi. 

Visitas
954
DEJA UN COMENTARIO
0 Comentarios