NOTICIAS

GERNIKAKO LEKUEK - HIBAI AGORRIA | Elkarrizketak koarentenan (Entrevistas en cuarentena)

·
Zapatuan amaituko zen festibala, baina Ash Grundwald-en kontzertuarekin bukatu zan eguen gau izugarri batean, birusak sortutako ezin egonaren ondorioz. Lekuek familiak komunikatu ederrarekin ezan zion agur kriston lanari eta guk hitzak idatzi zituen izakiarekin berba egiteko aukera izan dugu. Gora Lekuek!

Zapatuan amaituko zen festibala, baina Ash Grundwald-en kontzertuarekin bukatu zan eguen gau izugarri batean, birusak sortutako ezin egonaren ondorioz. Lekuek familiak komunikatu ederrarekin ezan zion agur kriston lanari eta guk hitzak idatzi zituen izakiarekin berba egiteko aukera izan dugu. Gora Lekuek!

instagram.com/gernikakolekuek
Hibai Agorria / @hibai.agorria
Argazkiak / Ander GA


Zein izan da Lekuek eta koronabirusaren arteko harremana? Noiz eta nola sartu zen zuen unibertsoan?

Martxoaren 7an Lekuek jaialdiari hasiera eman genionean Italian konfinamendua hasita zegoenez, bageneukan informazioren bat baina ez genuen uste horren azkar hedatuko zenik. Gernikan oraindik ez ginen oso kontziente gertatuko zenaz, konfinamendua horren azkar joango zenik inork ez genuen aurreikusi eta Gasteizko lehen kasuak hasitakoan piztu zen alarma.

Gure inguruan zeuden jaialdi eta aretoei begira jarri ginen orduan, gure jaialdiko aforoak ez dira horren handiak eta beraiek nola jokatzen zuten jakin nahi genuen erabakiren bat hartu baino lehen.

Erabaki hartzearen kontua, nolakoa izan zen? Zuen komunikatua ederra baino ederragoa izan zan.

Momentu oso gogorra izen zen guretzako, lan asko dago horrelako jaialdi baten atzean. Gernikako Lekuek zerbaitek bereizten badu bere izaera da, diru irabazi asmorik gabekoa eta bolondresa, kultur ekitaldiak eskaintzen dituzten hiru espazioren arteko elkarlanean oinarritzen den jaialdia eta horrelako erabaki bat hartzea benetan saila izan zen denontzat, ilusio handiak genituen bigarren asteburu horretan jarrita eta pena handiz begiratzen genien gugana heltzen ziren berriei.

Jaialdia hasita zegoenez giro bikaina zebilen herrian, egunero geneukan zerbait programatuta eta erantzun bikaina jasotzeaz gain nabaritzen zen bigarren asteburu horri jenteak gogo handiak zizkiola. Izen potoloak genituen: Sua, Lisabö, Elena Setien, Elle Belga, Pony Bravo, John Duer & The Blues Freaks, Gambardella, Wormed, Urgatz eta beste hainbat talde, dantza, film, liburu aurkezpen etab.. Jakin gabe geratuko gara zer gertatuko zen asteburu horretan Gernikan baina itxura ona zeukan printzipioz.

Galeren inguruan zeozer esan nahi? Tiketak bueltatu zenituzten.

Galera bakarra musikarena dela esango nuke, kulturala, bukatu ezin izan dugun jaialdiarena. Internet bidez sarrera indibidualak erosi dituztenei bueltatu diegu beraien dirua, baina tabernetan erosi dutenei oraindik ez, laster jarriko ditugu telefono zenbaki bat eta email bat gurekin kontaktuan jarri daitezen.

Mezu asko jaso ditugu dirua bueltatzea nahi ez dutenenak ere eta benetan txalotzekoa da gurekin duten tratua eta konpromezua. Jaialdiko antolakuntzaren izenean eskertu nahi dugu gurekin izan duten pazientzia eta jarrera.

Dena den, egin ziren egunetan antifestibal ederra gauzatu zenuten..

Ikaragarria izan zen lehen asteburua, Gaizka Insunzaren azken lanarekin eman genion hasiera jaialdiari erdi beteta zegoen lizeo antzokian, ondoren Guadalajaratik etorritako Cubero anaien kontzertuaz gozatzeko aukera izan genuen, intimoa eta sentimenduz betea. Ostean, Astran, Orreaga 778 eta The Offenders taldeen punk-ska jaia dibertigarria, igandean martxoak 8ko manifestazioarekin hasi genuen eguna eta disko eta arte azokarekin koloreztatu ziren Gernikako tabernak, Irina Gonzalez Kubatarrarekin hartu genuen kafetxoa eta  Arima taldeak eman zion bukaera ezin hobea egunari. Astelehenean DUT taldeak ekarri zituen sorpresak Trinketera, asteartean Leto filma eta Dupla taldearen erritmo dantzagarriak, asteazkenean Joseba B.Lenoir Band eta Larraitz Zuazoren irudiak eta ostegunean Amazing Grace filma eta Ash Grundwald australiarraren rock soul doinuek eman zioten bukaera jaialdiari, bi egun lehenago baina egindakoarekin oso gustura eta pozik.

Antifestibala baino superfestibala deituko nioke nik, beste balore batzutan oinarritzen den jaialdi alternatiboa, musika aniztasunaren apologia.

Berreskuratuko duzue aurtengo edizioa moduren baten? Badira oihartzunak eta gainera Trinkete behar bezala agurtu behar duzue.

Ez da erraza izango talde guzti horiek berriz elkartzea baina ziur egoera guzti hau baretzean zerbait egingo dugula. Beste jaialdi batzuk atzeratu egin dituzte beraien datak baina gure kasuan puzzlea berriz betetzea zaila ikusten dut. Orain garrantzitsuena birus hau lehenbailehen desagertzea da eta hori egindakoan jarriko gara zerbaitetan pentsatzen.

Trinkete Antitxokoaren kasuan pena doblea da, 20 urtetako ibilbidearen ondoren agur esateko ordua iritsi zaio, Gernikako kultur espazio ahaztezina!!! herriak faltan botako duen paradisu artistikoa. Ziur gaude ordea behar bezala agurtuko dugula eta izango duela merezitako amaiera.

Galdera askea: Zeozer gehiago gehitu nahi baduzu.

Guzti hau bukatzean gogoratu behar ditugu  kultur arloan lanean dabiltzanak eta beraien kontzertu, antzerki eta ikuskizunak bete behar ditugula, kulturarik gabe ez baitago bizitzarik.

Bukatzen joateko koronatips: Nola daramazu koarentena? Mezuren bat etxetik munduraino?

Gogorra egiten zait etxean egotea, kalean asko dabilen horietako naiz eta ez daramat batere ongi askatasun eza. Goizak etxetik lan egiteko baliatzen ditut baina argazkilaria naizenez lan asko galdu ditut  hurrengo hilabeterako eta etorkizun nahiko iluna datorrela ematen du batez ere langabeziak gora egingo duelako, horrek urduritzen nau.

Balkoi pare bat ditu bizi naizen pisuak eta horiek baliatzen ditut pixkat eguzkia hartzeko, sukaldatzea maite dut eta horretan ematen dut denbora gehien, musika, filmak eta liburuak ez dira falta eta noizean behin argazkiren bat ere egiten dut nere konfinamendutik.

Nire mezua etxetik munduari Trinketen jo behar zuen Elle Belga taldearen Increíble amor abestia.  

GORA MUSIKA!!!

Betikolez baina orain: desira bat.

Egoera latz honek nolabait balio dezala beste mota bateko gizarte bat sortzen.

Visitas
162
DEJA UN COMENTARIO
0 Comentarios