NOTICIAS

OKELA SORMEN LANTEGIA | 2021. urteari hasiera emateko elkarrizketak

·
Artistek sortutako eta kudeatutako irabazi asmorik gabeko espazioa dugu Okela. SanFran auzo biziaren bixotzean kokaturiko eragile kultural garaikideak, artista plastiko eta bisualen arteko harremanak sortzeko eta sustatzeko asmoz jaio zen eta hainbat arte esparru landu ditu geroztik. Okelaren atzean dauden emakume boteretsuak elkarrizketatu ditugu eta honakoa kontatu digute.

Artistek sortutako eta kudeatutako irabazi asmorik gabeko espazioa dugu Okela Sormen Lantegia. SanFran auzo biziaren bixotzean kokaturiko eragile kultural garaikideak, artista plastiko eta bisualen arteko harremanak sortzeko eta sustatzeko asmoz jaio zen eta hainbat arte esparru landu ditu geroztik. Okelaren atzean dauden emakume boteretsuak elkarrizketatu ditugu eta honakoa kontatu digute.

Pentsamendu kritikoa, gogoeta, eztabaida eta artisten saretzea bultzatzeko asmoz jaiotako espazio irekia da Okela Sormen Lantegia. Nolakoa izan da zuen esperientzia anormaltasun berriaren garaian?

Espazioa ireki ahal izan dugunean, gure programazioarekin aurrera jarraitzen saiatu gara baina limitazio asko ere eduki ditugu. Okela, gertuko arte proposamenak erakutsiak izateko espazioa izateaz gain, alor ezberdinetatik datozen jendearen arteko topalekua ere bada eta hori dezente mugatu da. Esaterako, irekiera egunetan egiten genituen kontzertu edo ikuskizunak bertan behera geratu dira eta Berbaldietarako beste espazio bat bilatu behar izan dugu.

 

Artisten Meeting Point-a nabarmendu nahi dugu. XXIII. AMP-a izan da ospatu duzuen azkena, Ainara Elgoibar, Ainize Sarasola eta Gabriele Muguruza-ren inguruan. Nola azalduko zenukete zer gertatzen den bertan, ezagutzen ez duen pertsona bati?

AMPak, euskal arte kontestuarekin lan egitea helburu duten talde erakusketak dira. Artisten arteko ibilibide artekotasuna generoa eta euskararen presentzia kontutan hartzen dutenak. Zuk aipatutako azken honetan, Trikimailua hitzaren inguruan bildu genituen aipatutako artistak. Beraiek hitz honi erantzunez, Okelako espazio bereziari egokitzen zaion proposamen espezifikoak ekarri zituzten eta honen bueltan aritu ginen lanean.

Nor dago irabazi asmorik gabeko espazio honen atzean? Nolakoa izan da ibilbidea 2014. urtean sortu zenetik?

Gaur egun, Irati Urrestarazu eta Sahatsa Jauregik koordinatzen dugu espazioa baina espazioa ireki zuten artistak, Irati bera, Nora Aurrekoetxea eta Izaro Ieregi izan ziren. Urteetan zehar proiektu ezberdinak aurrera eraman izan baditugu ere, AMPak izan dira urte guzti hauetan Okelako nortasuna eta egitura definitu dutenak. AMPak, ibilbide ezberdinetako hiru artistak, ideia edo kontzeptu baten bueltan biltzen dituzten talde erakusketak dira. Erakusketa bakoitza, Berbaldi batekin amaitzen dira, artistek beraien lanei buruz hitz egiteko aukera ematen zaien topaldiekin.

 

Zuen lantegia San Frantzisko auzo bizian dago, baina Artiatx Fabrika-n ere hainbat ekitaldi antolatu dituzue pandemia garaian. Noraino heltzen dira Okela-ren tentakulu eta sinergia artistikoak?

Okela eta Artiatxen arteko lotura, Irati Urrestarazuri zor zaio hein haundi batean, bera baita bi proiektuen arteko zubi lana egiten duena. Okela oso leku zentrikoan egoteaz gain, urteetan zehar lortu izan duen erreferentzialtasuna ere badu baina ez du espazio zabalik. Artiatx aldiz, proiektu berria izateaz gain, bizi dugun egoera honi erantzuteko baldintzak betetzen dituen espazioa da. Antolatzen dugun jardueraren behar espezifikoei erantzunez, bat edo bestean antolatzeko luxuaz gozatzen dugu. 

Kaxetak 6 ospatu berri duzue, abenduaren 11 eta 13 bitartean, Cosas de jaleo eta Ander Manero-ren inguruan. Zein da programa honen filosofia? Ba ahal da Kaxetak 7-rik 2021. urteko hortzimugan?

Kaxetak, egun batez buruz buru elkartuko diren bi artisten arteko topagunea da, arte plastikoen praktika ohikoen alboetan kokatzen diren proposamenak jasoko dituena. Lagun artekoa bai baina pilota partidua izango ez den saio hauetan espazioa edukiko dute diseinuak, ilustrazioak, musikak zein eszenarekin harremantzen ditugun beste zenbait piezek. Zeozerk definitzen badu 2021 urtea, urte inccertoa izango delako da, beraz, batek daki. Hala ere, gogoa ez zaigu falta orain artekoarekin jarraitzeko.

 

Bukatzeko eta betikolez, desira bat.

San Frantzisko auzoko politika gentrifikatzaileek ez gaitzatela izorratu eta Okela proiektuari oztopoak jarri.

Visitas
829
DEJA UN COMENTARIO
0 Comentarios