NOTICIAS

MERINA GRIS | "Igorleak, askotan, artelanak berak baino garrantzi handiagoa duela uste dugu"

·
S., J. eta P.-ren talde berri eta misteriotsua dugu Merina Gris, lekua aurkitzen ez duen, eta hortaz bere txoko propioa sortzen duen musika taldea, alegia. Txuria eta beltzaren artean dagoen bidegurutzeko muin grisan kokaturik, aldi berean, guztiaren eta ezerren parte diren horietakoak. Orain eta hemen eginiko argazki soinuduna, bere garaiaren erretratua diren eta guztia puskatzen duten pop bortitzeko kanta itzelekin. Hirukotearekin berba egiteko aukera izan dugu, hona hemen emaitza. Ederrak zuek!

S., J. eta P.-ren talde berri eta misteriotsua dugu Merina Gris, lekua aurkitzen ez duen, eta hortaz bere txoko propioa sortzen duen musika taldea, alegia. Txuria eta beltzaren artean dagoen bidegurutzeko muin grisan kokaturik, aldi berean, guztiaren eta ezerren parte diren horietakoak. Orain eta hemen eginiko argazki soinuduna, bere garaiaren erretratua diren eta guztia puskatzen duten pop bortitzeko kanta itzelekin. Hirukotearekin berba egiteko aukera izan dugu, hona hemen emaitza. Ederrak zuek!


Zuen identitatea misteriotsua izan da hasieratik, zergatik erabaki zenuten joko hau? Nortzuk dira S., P. eta J., Merina Gris artefaktuaren barruan? Eta izena zergatik?

J.  Ez da lehenengo aldia musika egiten dugula. Artean, igorleak ezinbesteko garrantzia duela iruditzen zaigu, baina askotan artelanak berak baino garrantzi handiagoa duela uste dugu. Hori gizarte eremu txikietan are gehiago ematen da, eta ez genuen gure kasua izatea nahi. Gauza bat ezagutzen dugula pentsatzeak aurreiritziak eragiten ditu askotan, eta horregatik guk gure musika testuingururik gabe atera nahi izan dugu. Hor daude kantuak, hor dago mezua, eta hori da garrantzitsuena gure ustez.

Badago estalkia alter ego moduan erabiltzen duenik, eta besterik gabe aurpegia tapatzen duena baita ere. Oinarri edo arrazoi bat duen arren hala ere, joku bat bezala hasi genuen hau eta momentuz gustora gaude. Eta izenari dagokionez… Merina Gris erdibide bat da. Gure oreka artistiko, sozial eta pertsonala, bizitzako hainbat esparrutan topatzen ez genuen gunea eta guretzat beharrezkoa zena. Artile gris leuna. Eta ederra. 


Duela gutxi 90 abestirako bideoklip izugarria igo zenuten Youtubera, Eneko Sagardoy antzezlearekin. Zergatik kendu behar izan duzue? Bestelako plataformetara igotzerik? Pena da horrelako artelan ederra berriro ez ikustea.

J.  Bai, benetan txukuna gelditu zen. Sekulako disgustoa eraman genuen. Taldearen kanpoko hainbat ezbehar eta arazoen ondorioz Youtubetik kendu zen. Pena handia eman zigun baita ere Enekorengatik eta bideoklipeko lantaldeak jarritako indar eta  maitasunagatik. Zerbait makinatzen ari gera… hau ezin da horrela gelditu (kar, kar, kar). 

Abesti honen doinua eta letra kontuan hartuta, nola bizi da 90. hamarkadako umeen noraezean? Eta analogiko eta digitalaren arteko bidegurutzean hazi izana?

J.  Arraroa da batzuetan. Beti dugu nostalgia ate joka, askotan zentzurik baikor edo politenean, eta beste batzuetan triste eta goibel. 90 hamarkadan jaio ginen eta ez gara ez natibo digitalak, ez eskola zaharrekoak. Internetek gure haurtzaroa erdibitu zuen, gauza batzuk kendu zizkigun, eta beste asko eman. Horrek baldintzatzen du teknologiarekin eta aurrerapenarekin dugun harremana: aurrera egin nahi dugu, baina mesfindantza puntu batekin.

Globalizazio eta kapitalismoaren gorakada pairatu dugu ere bai. Aukeren mundu honetan, trena behin pasatzen denaren ideiarekin estutzen gaituzte, produktibitatea aisialdiraino eraman dugu eta iruditzen zait askotan ez gaudela guztiz eroso bizitza modernoarekin… baina era berean ez diogu uko egin nahi.

argazkia/@duelodueloduelo


Momentuz hiru abesti estreinatu dituzue: Saiatzen naiz, Besteek zer? eta 90. Pop bortitza gizarteak sortzen duen egonezinaren inguruan mintzatzen diren letrekin. Zaila da gu geu izatea burbuila honen barruan eta nola daramazue zuek guda hau pertsonalki?

J.  Talde bezela, gauza berdintsuek kezkatzen gaituzte. Bakoitzak bere erara kudeatzen ditu, hori bai, arlo pertsonalean. Neri adibidez, asko eragiten dit nire egoera emozionalak sortzerako garaian. Eta iruditzen zait gizarte mailan jorratu diren gai askok badutela islada maila pertsonalean, askotan alde batera uzten ditugun problematika eta dinamika indibidualak garatuz. Guk hortik hitz egiten dugu, bai gure buruaren, ingurukoen eta gizartearen inguruan. 

Noiz izango dugu Merina Gris-en hurrengo dosi musikala? Pistarik?

S.  Abestien lanketa prozesuan murgilduta gaude eta ‘noiz’ baino, ‘zer’ aterako dugun daukagu oso argi. Sortzen ari garen kantek itxura polita dute, baina oraindik ez dugu data zehatzik jarri. Hori bai, askok esan diguzue Besteek Zer-en indar hori duzuela gustoko eta aurreratu dezakegu ez duzuela faltan botako. 


Taldearen irudi bikainaren inguruan: bai estilismo-moda kontuan, zein argazkilaritza eta bideoklip arloan (tira, orokorrean). Nola eraiki duzue zuen estetika eta zeinek laguntzen zaituzte prozesu honetan?

S.  Proiektu hau musika talde batetik harago, plano artistiko ezberdinen arteko kolaborazio bat da. Abesti bakoitzak dauka oso landua bai argazkilaritza, baita arropa ere eta  nola ez, bideoklipak. Beraz, esan dezakegu Merina Gris-ek gaur egun duen irudi lortu hori, proiektutik pasa den jendeak eman diola. Gehienak, kontextu berean bizi garelarik, koherentzia estetiko bat lortzen da. Maria Muriedas, Arriguri, Badator, Alejandra De la Plata, Eneko Sagardoy, Izaro, Claudia Chocarro… ba, haiek tangibilizatu dute dena.


Kontzerturik hortzimugan eta nola hari zarete zuen show-a prestazen? Itxura, identitate sekretua eta abar kontuan hartuta. Sekulako gogoak daude zuen zuzenekoa ikusteko eta goxatzeko.

S.  Guk ere izugarrizko gogoa dugu taula gainean egon eta hainbeste denboran ezku tuan izan dugun guzti hau behar den bezela azaleratzeko. Oraindik, datarik ez. Lanketa prozesu luzeak egiten ditugu gero zuei zerbait erakusteko, beraz, honekin ere berdin jokatuko dugu. Baina 2022 urte polita izango da.


Musika proiektu berria zarete bere lekua bilatzen gure ekosistema kulturalean. Non kokatzen duzue Merina Gris Euskal Herriko musika eszenaren barruan? Eta estatu mailan?

J.  Normalean estiloka edo ildoka zatitzen da Euskal Herriko eszena, eta ulertzekoa da… baina gu gure lagunen aldamenean kokatzen gara. Gustatzen zaigu musika bizitzen ari den aniztasun garai hau, eta afinitate artistiko handiagoa izan dezakegu batekiko ala  bestearekiko… baina lagunen aldamenean beti hobeto. Egiteke dauden horiek ere bai noski. Gurekin lan egiten duen Ed Is Dead ekoizlea madrildarra da, eta beste talde batzuekin batera “itxaropenaren zaku” batean kokatzen gaitu estatu espainiarrari dagokionez. Guri barregurea ematen digu horrek, baina beti da polita horrelako loreak jasotzea.


Bukatzeko eta betikolez, desira bat. Edo bakoitzak bat.

S.   Gure lehenengo kontzertua eta publikoa zutik. Energia berria. 

J.    Gure kantuek guri sortzen diguten zirrara berbera sortzea jendearengan.

P.   Bete ezin den bat. Gure lehen kontzertua publikotik ikustea. Hain izango da ederra (kar, kar, kar).

 

argazkiak / Aitane Goñi Landa Arriguri

 

Visitas
739
DEJA UN COMENTARIO
0 Comentarios