NOTICIAS

Atlantikaldia Jaialdiak 'Iparrorratzak' jarriko ditu eszenatoki berrietan bere zortzigarren edizioan

·
Errenterian zorionez daude, zortzi urte bete ditu Atlantikaldia kultur topagune eta musika jaialdiak. Izugarrizko kontzertu kartela prestatu dute, bestelako ekintzak ahaztu gabe eta itsasoa, geurea, bihotzetik oso hurbil izanda. Irailaren 23tik 26ra, 'Iparrorratzak' lelopean; ez galdu Oum eta Alos Quartet; Sharon Shannon eta Joseba Tapia; Ladama eta Olatz Salvador; Dupla; Ibil Bedi; J Martina; Chill Mafia; Antía Muiño eta gehiago. Egitaraua eta gonbidapenak zure laguntxu agendan eskuragai, irailak 17tik aurrera. Gora kantauriko kresala!

Errenteriako kultur egutegian errotutako hitzordua da, jada, Atlantikaldia. Iparrotzarrak lelopean egituratu duten zortzigarren edizio honetan, kultur topagune eta musika jaialdiak bere onena emango du, irailaren 23tik 26ra, pandemia egoera ezartzen dituen  baldintzetara egokituta bigarren urtez. 

Izugarrizko kontzertu kartela prestatu dute, bestelako ekintzak ahaztu gabe eta itsasoa, geurea, atlantikoa, bihotzetik oso hurbil izanda. Ez galdu Oum eta Alos Quartet-en batuketa; Sharon Shannon eta Joseba Tapia; Ladama eta Olatz Salvador; Dupla; Ibil Bedi; J Martina; Chill Mafia; Antía Muiño eta askoz gehiago.

Erne! Gonbidapenak eskuratu ditzakezu bai modu presentzialean Lekuona Fabrikan (astelehenetik ostiralera 09:00-20:00  eta larunbatetan 9:00-14:30) zein internet bidez, atlantikaldia.errenteria.eus jaialdiaren webgunean, irailak 17tik aurrera. Zatoz kantauri itsasoko kresala besatzera!

Informazio gehiago bideoaren azpian.



Hortzimuga handitzeko Iparrorratzak eta hiru gune nagusi  

Lekuona Fabrika berria izango da aurtengo Itsasargi nagusia, jaialdiaren oholtza handia. Artista handien kontzertuak gertatuko dira bertan eta baita Atlantikaldiaren zigilu bilakatu diren Itsas elkarrizketak ere: nazioarteko eta bertako artisten arteko kolaborazioak.  

Fanderiako tenis pista, berriz, Herrixka izango da: familientzako gunea. Bertan  dantzarekin, musikarekin, kirolarekin eskulanekin… lotutako jarduerak izango  dira. Eta Migel Irastorza futbito zelaia, Kalekaia, arte urbanora bideratutako  espazioa izango da. Musika kontzertuek, dantza tailerrek eta mural handi batek  osatuko dute ostiral eta larunbateko programazioa.  

Hiru gune horiez gain, Oiartzun ibaiak ere hainbat jarduera hartuko ditu. Ibaia jaialdia egituratu izan duen elementua da eta, aurten ere, hainbat modalitatetan nabigatzeko aukera izango da: itsasontzi tradizionalak, bisita gidatuak eta stand up paddle.  

“Gune bakoitzari egokitzen zaion egitaraua sortu dugu, haren nortasuna  indartzen duena eta erakargarriagoa egiten duena”, amaitu du Gartziak.

Arimak dantzan jartzen duen musika letra larriz

Oum marokiarrak Alos Quartet taldearekin kolaborazioarekin emango duen  kontzertua izango da Lekuona Fabrikako oholtzak hartuko duen lehena. Ondoren iritsiko dira besteak: Sharon Shannon irlandarrak Joseba Tapiarekin  eskainiko du kontzertua; Venezuela, Kolonbia, Brasil eta Estatu Batuetako lau  emakumek osatzen duten Ladama taldearen emanaldia osatzera Olatz  Salvador etorriko da; Mali eta Frantziako Arat Kilo & Mamani Keita Madmuaselekin ariko dira; eta jatorri argentinarra eta kolonbiarra duen Che Sudaka taldea Zuriñe Hidalgorekin. Arima Soul taldea ere izango da bertan. 

Migel Irastorzan Dupla, Ibil Bedi, J Martina, Chill Mafia, Antía Muiño, Blanquita  Carraquela, DJ Flaca eta Gitano de Palo izango dira, besteak beste. Fanderian  aldiz, Ene Kantak, Albosax edo Mugan taldeen doinuak izango dira entzungai. Interesdunek egitarauaren xehetasun guztiak atlantikaldia.errenteria.eus web  orrian aurki ditzakete dagoeneko. 
 

Ikuskizun eta jardueretarako gonbidapenak

Gonbidapenak eskuratzeko bi kanal aktibatuko dituzte irailaren 17tik 22ra:  modu presentzialean Lekuona Fabrikan (astelehenetik ostiralera 09:00-20:00  eta larunbatetan 9:00-14:30) eta internet bidez, atlantikaldia.errenteria.eus jaialdiaren webgunean.  

Halaber, ikuskizun edo jarduera bakoitzeko gonbidapenen parte bat egunean  bertan eskuratu ahal izango da ekintza garatuko den tokian bertan, hasi baino  30 minutu lehenago.

Jaialdiaren irudi ederra

Azken urteetako bideari jarraiki, jaialdiaren irudia elkarlan baten emaitza da.  Ane Pikaza (Bilbo, Euskal Herria) eta Jaime Zuverza (Texas, AEB) aritu dira sorkuntza lanean eskuz esku. Estilo guztiz ezberdina duten artistak dira biak  eta Iparrorratzak leloa abiapuntu moduan hartuta ustekabeko emaitza ontzea. Begira, lortu dute: erakargarria eta, batez ere, bakarra.

Visitas
747
DEJA UN COMENTARIO
0 Comentarios