NOTICIAS

GU ERE BAGARA | Ines Bermejo eta Julen Nafarrate -ri elkarrizketa

·
Familia! Ines Bermejo artista eta Julen Nafarrate kazetaria elkarrizketatu ditugu gure abenduko agendarako eta zuokin guztiokin partekatu nahi dugu. Bikote artistiko kultural eder honek Gu ere bagara egitasmoa aurrera eraman du, Getxon bizi diren LGTBIQ+ kolektiboko pertsona nagusien historiak ikustarazteko. Sartu, irakurri elkarizketa eta gero zatoz Getxora collage beharrezko hauen bila!

Familia! Ines Bermejo artista eta Julen Nafarrate kazetaria elkarrizketatu ditugu gure abenduko agendarako eta zuokin guztiokin partekatu nahi dugu. Bikote artistiko kultural eder honek Gu ere bagara egitasmoa aurrera eraman du, Getxon bizi diren LGTBIQ+ kolektiboko pertsona nagusien historiak ikustarazteko. Sartu, irakurri elkarizketa eta gero zatoz Getxora collage beharrezko hauen bila!

 

Nola bizi izan dituzue Baste tabernako erakusketaren inaugurazioa eta jaso dituzuen lehenengo iruzkinak? Holan imajinatzen zenuten proiektuarekin hasi zinetenean

Ba egia esan oso pozik gaude! Proiektuak oso harrera ona izan du, uste genuena baino oihartzun zabalagoa izan du, eta jende askok esan digu oso beharrezkoa ikusten duela mota honetako proiektuak egitea. Egia esan, erronka potoloa izan da guretzat, ez genekien proiektua amaitzeko gai izango ginen edo ez... baina azkenean lortu dugu, nahiz eta bidean plana aldatu!

Gu ere bagara antzezlan bat izango da, Dantzerti eskola eta Zinegoak jaialdiaren laguntzarekin. Nola doa prozesu hau? Noiz egongo da ohol gainean ikusteko aukera?

Oraintxe bertan hasi gara bide hau egiten. Guretzat oso garrantzitsua da, proiektuak jarraipena izango duelako Dantzerti eta Zinegoakeri esker. Eta, gainera, oso polita izango da ikustea gazteak pertsona nagusien bizipen eta istorioak kontatzen.

Orain arte egin duen ibilbidea ikusita, zenbat bizitza gehiago aurreikusten dizkiozue proiektuari? Ze beste euskarrietan ikusi nahiko zenukete?

Ez dakigu proiektuak etorkizunean jarraituko duen ala ez. Momentuz erakusketak antolatuko ditugu leku ezberdinetan, adibidez, Getxoko nagusien egoitzan, eta hor egitea oso garrantzitsua ikusten dugu, horrelako espazioetan normalean ez delako sexu-aniztasunaren gaia lantzen. Hortik aurrera ez dakigu zer etorriko den, baina gu irekita gaude, noski!


Getxoko Udaleko sormen bekaren diru laguntza jaso zenuten, baina nondik jaio zen proiektu hau egiteko ideia? Gogoan dekozue garagardo arratsalde emankor hori?

jajaja bai! Aspaldiko hausnarketa da: jende nagusi asko ezagutzen dugu, LGTBI+ pertsona asko ere ezagutzen genituen... baina ez genuen LGTBI+ pertsona nagusirik ezagutzen gure herrian. Horregatik, ardo artean, afaltzen ari ginela, pentsatu genuen... zergatik ez dugu egiten proiektu bat gure herriko istorio horiek guztiak jasotzeko? Eta horrela hasi ginen abentura honetan!


Zein izan da zuen lan metodoa? Bai testigantzak biltzeari dagokionez, bai garapen artistiko bisualari dagokionez.

Gure arma nagusia ahoz ahokoa izan da. Jende asko deitu genuen laguntza eske, baina asko kostatu zitzaigun hasieran partehartzaileak topatzea. Azkenean bost auzokide prest agertu dira euren istorioa kontatzeko, gurekin kafe bat hartu ostean. Hori bai, euren anonimotasuna mantendu behar izan dugunez, artxiboko irudiak erabili ditugu euren anonimotasuna gordetzeko. Artxiboko irudi horiei begiak estali dizkiegu, eta horrela euren nortasuna ere ezabatu dugu.

Ines, zure diseinu ederrengatik ezagutzen zaitugu, bai txapetan, zein poltsetan, zein kamiseta eta bestelako zuntzetan. Betidanik gustatu zaizu ideiak transmititzeko kollage eta esaldien arteko nahasketa potente hori erabiltzea?

Collage teknika erabiltzen dut diseinuak egiteko, bai. Asko dibertitzen nau modu espontaneo batean jokatzeak. Lehenik eta behin, aldizkariak hartzen ditut, aldizkariak (nire amak urteak daramatza asko gordetzen,ia Diogenes moduan eta horrela bigarren bizitza bat ematen diet). Inspirazioa artikuluetatik datorkit, esaldi dibertigarrietatik, irudi bitxietatik, denak balio du collage diseinu bat sortzeko. Magia egitea bezala da.

Zinegoak jaialdian komunikatzen ezagutu zintugun, Julen, zuretzat garrantsitzua da LGTBIQ+ taldeko erreferenteak sortzea eta ikustaraztea, zinean zein herri baten memoria kolektiboan. Esan daiteke zu ere Getxotik sexiliatu zinela erreferente bila, nola ikusten duzu bilakaera?

Ba bai egia esan. Ni jatorriz berangoztarra naiz, baina urte batzuk daramatzat Algortako portu zaharrean bizitzen. Eta egia esan, nire LGTBI+ sarea Bilbon daukat ere, herrian bertan oso zaila egiten zaigu horrelako espazio propioak sortzea. Badirudi azken hamarkadetan zentzu horretan egoera ez dela aldatu horrenbeste.

Erronka zaila izan da testigantzak eskuratzea, tabu bat dagoelako gai honen inguruan. Zergatik uste duzue gertatzen dela hori Getxo bezalako herri batean? Oraindik besteok esango dutenaren beldurra, besteak beste?

Pertsona hauek ikusezinak izan dira hamarkadetan; ohitu dira ikusezintasun horretara, eta espazio askotan baztertuta bizi ziren, edo ezin zuten askatasunez bizi euren orientazioa edota sexualitatea. Orain, nagusi direnean, ez dute konfiantza edo babesik sentitu lau haizetara euren bizitzaz berba egiteko. Baina argi diogu, ardura ez da eurena, gizartearena baizik. Zer nolako gizartea dugu, nagusiek ez dutela konfiantzarik sentitzen euren bizitzaz berba egiteko? Zer pentsatua ematen du.

Hiruka aldizkarian egin dizueten elkarrizketa batean genero-aniztasuna, hiesaren agerpena edota pertsona migratuek bizi duten errealitatea jorratzeko gogoekin geratu zariela aitortu duzue. Zergatik uste duzue gertatu dela hori? Aurreko galderarekin harremanik aurkitzen duzue?

Bai, proiektuan gai ezberdinak lantzen saiatu gara, baina hutsune batzuk geratu zaizkigu. Bost auzokide bakarrik topatu ditugu euren errealitateaz berba egiteko prest, eta orduan beste hainbat errealitate kanpoan geratu dira. Horren adibide dira genero-aniztasuna (trans pertsonen bizipenak), hiesaren agerpena edota pertsona migratuen errealitatea. Garrantzitsua iruditzen zaigu behintzat aipatzea.


Algorta, Erromo, Portu Zaharra eta Neguri Langileko 62 eta 83 urte bitarteko 3 emakume eta bi gizonek hartu dute parte Gu ere bagara! ikerketa kulturalean. Kasuistika komunen  bat aurkitu duzue? Eta kasu aniztasuna islatzea, lortu duzue?

Zaila da ondorio amankomunak bilatzea, baina batzuk bai topatu ditugu: pertsona hauek euren orientazioa diskrezioz bizitzera ohitu dira; baztertuta sentitu dira eremu askotan (familia barruan, lagunartean, gizartean orokorrean), orain nagusitan bakardadea sentitzeko arrisku handiagoa dute... Inork ez die inoiz galdetu euren bizitzari buruz, eta benetan uste zuten ez zutela ezer kontatzeko. Eta benetan kontrakoa da: pena litzateke istorio hauek guztiak galtzea, gure herriko memoriaren zati bat galduko dugulako.

Hainbat testigantza entzun eta landu ostean, zergatik uste duzue dagoela hainbat sekretismo/eskutatze nagusien sexualitatearen inguruan eta bereziki nagusi LGTBIQ+ kolektiboaren inguruan?

Gero eta gehiago berba egiten da LGTBI+ mugimenduaz, baina estereotipo jakin batzuekin lotura egiten da: beti agertzen dira, gazteak, estetika jakin batekoak, dirudunak, mutilak... Kanpoan geratzen dira gorputz ez normatiboak, pertsona arrazializatuak, trans pertsonak... eta baita ere LGTBI+ pertsona nagusiak. Badirudi 60 urtetik aurrera ez dagoela marika, bollera, bisexual edo trans pertsonarik, eta hori ez da egia. Irudi horretan arrakala txiki bat sortzen saiatu gara.

Esaldiz josi duzue Getxo, zein da bakoitzari garunean grabatuta geratu zaizuena eta zergatik, jakin ahal bada?

Bai, Getxoko espazio ezberdinetan esaldiak jarri ditugu, baina badirudi bereziki esaldi bat polemikoa izan dela: "¿Que por qué me fui de Algorta? Porque soy lesbiana". Hori elkarrizketatu genuen pertsona batek esan zigun, eta badirudi jende bat minduta sentitu dela esaldi horrekin, kartela kentzen saiatu direlako. Errealitateak batzuetan mintzen du, baina ikusi nahi ez izateak ez du esan nahi ez dagoenik. Aurre egin behar zaio aldatzeko.


Bukatzeko eta ohituraz: desira bat

Proiektuan erabili dugun esaldi batek honakoa esaten zuen: "Nos gustaban los días de lluvia, porque podíamos ir agarradas del brazo bajo el paraguas sin llamar la atención". Guk egun eguzkitsuak nahiago ditugu, baina euririk egitekotan... egin dezagun dantza euripean, bakoitza den bezala sentituz, aldarrikatuz, lau haizetara zabalduz eta harro!


Visitas
1436
DEJA UN COMENTARIO
0 Comentarios